Jokin Etxabe profesional mailara Aevolo Cycling Team-ekin

Duela egun batzuk iritsi zen AEBtako dei erabakigarria, Aevolo Cycling Team taldearen eskaintza serioa. Eta Etxabek ez du aukera ihes egiten utzi. 

Jokin Etxabe AEBtako Aevolo Cycling Team-ean lehiatuko da datorren urtean: «Handia da gero, 22 urterekin eta taldeko beteranoena izango naiz», dio. Azken hilabeteotan helburu finko barik ibili da bizikleta gainean, lasterketak noiz hasiko zituen jakin barik. Orain badaki martxorako indartsu egon beharko duela, hori eskatu diote taldeko zuzendariek. Hori horrela, urtarrilaren 9an izango du taldearekin lehenengo hartu-emana, Las Vegasen. «Bost egun egingo ditugu bertan. Taldekideak ezagutu, erabiliko dugun materiala ezagutu… Askoz ere gehiagorako ez du emango». Baina, otsailean egonaldi luzeagoa egingo du: «Los Angelesen 20 egunetako kontzentrazioa izango dugu, eta hor bai, elkarrekin entrenatuko dugu». 

Atlantikoaren alde batetik bestera

Aldaketa handia izango da, amateur mailako lasterketa garrantzitsuena etxean izatetik –Gorlako Igoera– Atlantikoa zeharkatzera pasako da Etxabe. Orain arte anaiarekin –Beñat Etxabe– partekatu ditu bizikleta gaineko esperientzia gehienak, kilometro asko partekatu dituzte. Orain, bakoitzaren kirol ibilbideak banatu egingo dira: «Baina urtean zehar batera entrenatzen jarraituko dugu, ni bueltaka ibiliko naizelako. Azkenean, bi hilean behin etxera etorriko naiz ni». Beñat Etxabek ez du profesionaletara salto egiterik izan, baina urte polita du aurretik: «Kantabriako Gomur taldeak fitxatu du, amateur mailan Espainiako talde onena izendatu dute, eta aurten bost ziklista igo dituzte profesionaletara. Esperientziadun jende barik geratu dira, eta anaiari leku hori betetzea egokituko zaio, taldeko erreferenteetako bat izango da. Batek daki, gauzak ondo egiten baditugu baliteke etorkizunean ostera ere bion bideak elkartzea».

 

Kirol eskaintza polita

Bergarakoak uste du aurten erakutsitako erregulartasunagatik, eta Espainiako selekzioarekin kanpoan egin dituen lasterketa txukunengatik bota diotela begia amerikarrek –aurten 14 lasterketa egun egin ditu 23 urtez azpiko selekzioarekin–. Bada, Aevolo Cycling Team World Tour mailako Cannondale-Drapac taldeko bigarren taldea da: «Filial modukoa da, Australian daukate talde bat, eta AEBtan bestea. Euren asmoa formazioa da, talde oso gaztea izango gara baina AEBtako lasterketa garrantzitsuenetan hartuko dugu parte, esaterako, Kaliforniako Itzulian. Guztira 80 egun inguru lehiatuko naiz, oso egutegi ona da hori, eta kirol eskaintza polita delako hartu dut hara joateko erabakia».

Bosgarren debagoiendarra

Bada, txirrindularitza krisian egongo da, inoiz baino gaitzagoa izango da gora salto egitea, baina aurten dagoeneko bi txirrindularik eman dute jauzi hori –Julen Irizarrek eta Jokin Etxabek– eta konturatu orduko bailarako bost ziklista izango ditugu maila profesionalean: Markel Irizar (Trek-Segafredo), Mikel Aristi (Delko-Marseille Provence KTM), Eneko Lizarralde (Euskadi-Murias), Julen Irizar (Euskadi Murias) eta Jokin Etxabe (Aevolo Cycling Team).

Esta entrada fue publicada en Sin categoría. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.